XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zetorrena, garbi ta gordin kontatu zidaken, Don Leandro olakoa uan-ta: kristau jatorra; eta kristau batek besteari zor dion egia, garbi azaldu zidaken, eta benetan ontzat artu nin.

Gezurretan egia estaliz eduki ta uste gabeko erasora baño, lasaiago joango niñun, jakiñaren gañean, aren azken ordura.

Orduan asi itun egundo bukatzen etziran orduak, egunak eta gauak.

Bere anaiak txandaka zaitzen ziteken; etziteken beñere bakarrik utzi.

Katillutxo bat olioz bete ta an jarri ziteken poxpolo-itxurako mariposa deitzen genion argi bat.

Gabaz, aren dizdiz motelera, ederki ikusten nin emazte maitea estu, oñazetan, arnasa ezin arturik.

Gero ta okerrago, oñazearen oñazez aultzen ari uan, ordurako etsipena emana.

Bere anaiak, berriz, illun, malkotsu, bere ondoan, eskatzen zuana emateko beti zai.

Ainbeste maite ta ezer egiterik ez; utzi egin bear, piskana-piskana gaitzak ito zezan.

Uraxe iñondik iltzerik nai ez, eta, ortxe-ortxe, lenbailen iltzea naiago.

Aiek orduak! Aiek egunak!.

Danak bere inguruan, zer egin ez genekila.

Ura, ordutik ordura estutzen, larritzen.

Itz egiteko bildur.

Egun batzuk lenago kabi alai zoriontsu bat zana, orain triste; arnas larri ta negar-zotiña besterik ez genin entzuten.

Amona, aren ama, beti negarrez somatzen nin.

Orduantxe ezagutu nin, zenbaterañokoa dan Jainkoaren aurrean gure ezereza.

Arrokeriak utzi ta biotzak umiltzeko orduak dituk oiek.

Aurki alargun, bakarrik, lagunarekin oituta.